1980an sortu ginen Errenterian, ekonomia zirkularraren bidez gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsonei enplegurako aukerak eskaintzeko helburuarekin. Lau hamarkada baino gehiagoren ondoren, eraldaketa estrategikoaren prozesu baten baitan, etapa berri bati ekin diogu BATUZ Gizarte Fundazioa izenarekin. Etapa berri honek gure nortasuna sendotzen du, kudeaketa-eredu berria indartzen du eta gizarte-eraldaketarako eragile gisa dugun rola sendotzen du, gizartean gero eta eragin handiagoa izan dezagun.
Etapa berri honetan urrats bat harago eman nahi dugu. Pertsonak laguntzeaz eta gizarteratzeko aukerak sortzeaz gain, gizartearen begirada aldatzen lagundu nahi dugu, inklusioa eta jasangarritasuna bizitzaren esparru guztietan modu transbertsalean txertatuz. Horretarako, administrazio publikoekin, enpresekin, gizarte-erakundeekin, hezkuntza-zentroekin eta komunitateko gainerako eragileekin elkarlanean aritzen gara, hezkuntzan, kulturan, kirolean, ekonomian, industrian edo herritarren parte-hartzean lankidetza-proiektuak sustatuz; izan ere, uste dugu gaur egungo gizarte-erronkei elkarlanaren bidez soilik erantzun ahal izango zaiela.
Gure jarduera esku-hartze eredu integral baten bidez antolatzen da, elkarren artean lotutako hiru ardatzen inguruan: Komunitatea, Pertsonak eta Planeta. Komunitatearen esparruan, eraldaketa-prozesuak eta elkarlanerako sareak bultzatzen ditugu. Pertsonen esparruan, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan daudenei laguntzen diegu, gizarte-zerbitzuen, enplegurako prestakuntzaren eta laneratze-ibilbideen bidez. Planetaren esparruan, berriz, ekonomia zirkularra eta ingurumen-jasangarritasuna sustatzen ditugu, aukera berriak sortzeko, baliabideak berrerabiltzeko eta garapen-eredu jasangarriago bat eraikitzen laguntzeko.
Gaur egun, 350 profesionaletik gorako taldea osatzen dugu. Bi laneratze-enpresa, Lanbidek egiaztatutako hiru prestakuntza-zentro, bi tratamendu-planta eta bigarren eskuko sei denda ditugu. Berrikuntza, sareko lana eta etengabeko hobekuntzaren bidez, aliantzak eraikitzen jarraitzen dugu gizarte inklusiboago, kohesionatuago eta jasangarriago bat lortzen laguntzeko.
BATUZ Gizarte Fundazioa
Batuz. Elkartuz. Eraikiz.
