batuz

Gaur, maiatzak 27, Emaus Gizarte Fundazioa BATUZ GIZARTE FUNDAZIOA bihurtuko da

Gaur, maiatzak 27, Emaus Gizarte Fundazioak etapa berri bati ekin dio BATUZ GIZARTE FUNDAZIOA izenarekin. Marka aldaketa horrek, 45 urtetik gorako ibilbidearen ondoren, Fundazioaren bilakaera islatzen du, eta burutu egiten du 2024-2026 Plan Estrategikotik bultzatutako antolaketa-, estrategia- eta kultura-eraldaketa prozesua.

Prozesu horrek aukera eman du erakundearen ikuspegi partekatua indartzeko, gobernantza-eredu parte-hartzaileago baterantz joateko, nortasun propioa sendotzeko, barne koordinazioa hobetzeko eta, epe luzera, proiektuaren jasangarritasun soziala eta ekonomikoa bermatuko duten oinarriak ezartzeko.

BATUZ marka propio gisa sortu da, eta lotuago dago lurraldearekin, euskararekin eta komunitatearekin. Orain arte, Fundazioak mundu osoko 400 erakunde baino gehiagorekin partekatzen zuen Emaus marka. Erakunde horiek independenteak dira juridikoki eta antolakuntzari dagokionez, eta horregatik zailagoa zen erakundearen nortasuna, lan egiteko modua eta ekarpen espezifikoa komunikatzea.

BATUZ izenak ideia bat ekartzen digu gogora: bat egitea, gehitzea eta kolektiboki eraikitzea. Eraldaketa soziala ulertzeko modu bat da, lankidetzan, sareko lanean eta parte-hartze komunitarioan oinarritua. Ikuspegi horretatik, Fundazioak eraldaketa komunitarioa kokatzen du bere estrategia berriaren erdigunean, eta aliantzak eta proiektu bateratuak finkatzen ditu administrazioekin, enpresekin, erakunde sozialekin eta herritarrekin.

Fundazioaren helburua da inklusio soziala eta jasangarritasuna –orain arteko jardueraren ardatz nagusiak– eguneroko bizitzako hainbat eremutara zabaltzea, hala nola kulturara, hezkuntzara, kirolera, merkataritzara, industriara edo herritarren parte hartzera, erronka sozialei heltzeko modu bakarra hainbat eragileren arteko lankidetza baita.

Etapa berri honetan aurrerantz doan bitartean, BATUZ GIZARTE FUNDAZIOAk bazterketa sozialean edo bazterketa hori jasateko arriskuan dauden pertsonen alboan jarraituko du, gizarte zerbitzuen, enplegurako formazioaren eta ekonomia zirkularrarekin lotutako ibilbide soziolaboralen bidez. 2025ean, Fundazioa 3.055 pertsonaren bidelagun aritu zen; 411 pertsona trebatu zituen enplegurako, eta 65 laneratze-postu sortu zituen.

Hondakinen kudeaketari dagokionez, Fundazioak hiru baliabide-fluxu lantzen ditu nagusiki: ehungintza, tamaina handiko hondakinak eta TEEH (Tresna Elektriko eta Elektronikoen Hondakinak), eta berrerabilpenean jartzen du arreta, horixe baita lehentasuna hondakinen kudeaketaren hierarkiaren barruan. Horretarako, bilketarako, tratamendurako eta bigarren eskuko salmentarako zerbitzuak garatzen ditu, baita upcycling-zerbitzuak ere. 2025ean, Fundazioak 2.359 tona baliabide bildu zituen, eta horien % 35 berrerabili zituen Gipuzkoan dituen bigarren eskuko sei denden bidez (Arrasate, Donostia, Errenteria, Hernani eta Irun).

Marka berri horrekin, BATUZ GIZARTE FUNDAZIOAren xedea da bere komunikatzeko eta eragiteko gaitasuna indartzea, nortasun propioa sendotzea eta lurraldeko pertsonekin, erakundeekin eta komunitateekin egiten duen lana hobeto proiektatzea.