Hernani egurra

BATUZ Gizarte Fundazioak zerbitzu berri bat kudeatuko du Hernanin, altzari eta objektu berrerabilgarriei bigarren bizitza emateko

Hernaniko Udalak sustatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutako proiektu pilotuak doako etxez etxeko bilketa eskainiko du irailaren 15etik abenduaren 15era.

BATUZ Gizarte Fundazioak oraindik berrerabil daitezkeen altzariak eta bestelako objektuak etxez etxe doan biltzeko zerbitzu berri bat kudeatuko du Hernanin. Proiektu pilotua irailaren 15ean jarriko da martxan eta hiru hilabetez egongo da indarrean, abenduaren 15era arte. Helburua da berrerabilera erraztea, tamaina handiko hondakinen kudeaketa hobetzea eta gizarte-inklusiorako aukerak sortzea.

Hernaniko Udalak sustatu du ekimena, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak finantzatu du. BATUZ Gizarte Fundazioa arduratuko da objektuak bildu eta tratatzeaz. Altzariak Fundazioak Urnietan duen zentrora eramango dira, eta han aztertu eta prestatuko dituzte, berrerabil daitezkeen erabakitzeko. Ondoren, horietako batzuk herritarren eskura jarriko dira BATUZek Hernanin duen dendan.

Berrerabilera eta gizarte-inklusioa

Proiektuak hondakinen prebentzioa eta BATUZ Gizarte Fundazioak egiten duen gizarte-lana uztartzen ditu. Aurkezpenean, Aitziber Zubillaga Fundazioko zuzendari nagusiak nabarmendu zuen erakundeak 45 urte daramatzala gizarte-inklusioaren eta ingurumenaren alde lanean. Era berean, azaldu zuen etapa berri honetan komunitatea jarri dutela beren jardunaren erdigunean.

«Uste dugu proiektu pilotu hau aukera bikaina dela altzarien berrerabilera sustatzeko eta, horren bidez, gizarte-inklusiorako aukera berriak sortzeko», adierazi zuen Zubillagak. Zuzendari nagusiak gaineratu zuen ekimenak indartu egingo duela BATUZek 2023an Hernanin irekitako gunearen jarduera, eta dendatik beste proiektu batzuk sustatzeko aukera emango duela.

Esperientzia hau BATUZ Gizarte Fundazioa, Hernaniko Udala eta eskualdeko beste eragile batzuk garatzen ari diren lankidetza zabalago baten barruan kokatzen da. Esparru horretan, altzarien tratamenduari lotutako prestakuntza-ekintzak egiten ari dira, baita udalerriko inklusioari buruzko diagnostikoa ere.

Doako zerbitzua asteartero

Zerbitzua Hernaniko herritarrei zuzenduta egongo da eta asteartero eskainiko da, 08:30etik 14:00etara. Bilketa eskatzeko, 943 33 70 00 telefono-zenbakira deitu, entregatu nahi diren objektuak zehaztu eta hitzordua adostu beharko da.

Egoera onean dauden altzariak, etxetresna elektriko txikiak eta berrerabil daitezkeen etxeko beste objektu batzuk jasoko dira; besteak beste, oheak, mahaiak, sofak, koltxoiak, aulkiak, gau-mahaiak eta idazmahaiak. Ez dira jasoko egoera txarrean dauden altzariak edo koltxoiak, funtzionatzen ez duten edo zortzi urtetik gorakoak diren gailu elektriko eta elektronikoak, hondakin arriskutsuak eta berrerabili ezin diren objektuak.

Hiru hilabeteetan, jasotako eskaeren eta egindako bilketen jarraipena egingo da. Halaber, kudeatutako kopuruak eta azkenean berrerabilitako objektuen ehunekoa neurtuko dira. Ebaluazio horri esker, ereduaren bideragarritasun teknikoa, ingurumenekoa eta soziala aztertu ahal izango da, baita etorkizunean zerbitzuari jarraipena emateko aukera baloratu ere.