UIK

Praktika komunitarioak gizarte inklusiorako motor: BATUZ Gizarte Fundazioaren uda ikastaro berria

Irailaren 2an eta 3an, Donostiako Miramar Jauregian egingo da «Komunitateak ekinean: gizarte inklusiorako praktikak» Uda Ikastaroa. BATUZ Gizarte Fundazioak antolatutako ekimen honek administrazio publikoetako, unibertsitateetako, gizarte-erakundeetako eta komunitate-erakundeetako ordezkariak bilduko ditu, lurraldeetan egiten den lan kolektiboaren ahalmen eraldatzailea erakusten duten ikuspegiak, metodologiak eta esperientziak partekatzeko. 

Ekimen hau BATUZ Gizarte Fundazioak komunitate-eraldaketa bultzatzeko egiten duen apustuaren barruan kokatzen da, gizarte inklusiboago eta bidezkoago bat sustatzeko. 

Ikastaroak elkargune izan nahi du, lankidetza eta komunitate-lana erronka sozial handiei aurre egiteko ezinbestekoak direla uste duten profesional eta erakundeentzat. Helburu horrekin, metodologia parte-hartzailea proposatzen du, hitzaldi inspiratzaileak, elkarrizketa-mahaiak, lankidetza-dinamikak eta komunitate-ekintzako laborategi bat uztartuz. 

Hizlariak eta zuzendaritza akademikoa 
Ikastaroan administrazio publikoetako, unibertsitateetako, gizarte-erakundeetako eta komunitate-ekimenetako profesionalek hartuko dute parte, besteak beste: Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako, Errenteriako eta Pasaiako udalak; EHU, Deustuko Unibertsitatea eta Universitat Pompeu Fabra; baita B-Herria, Auzo Zaintza Hernani, Itxastexea Emakume Taldea, AMHER, GriGri Projects, Asociación Devenir eta Asociación Zambra bezalako proiektu eta ekimenak ere. 

Zuzendaritza akademikoa Alberto Gastonen eta José Barreiroren esku egongo da, biak BATUZ Gizarte Fundaziokoak. Alberto Gastón Komunitate Eraldaketako zuzendaria da, eta José Barreiro Arreta Eredua Garatzeko Prozesuko zuzendaria. 

Nori zuzenduta dago? 
Administrazio publikoetako, gizarte-erakundeetako eta hezkuntza, kultura nahiz kirol arloetako profesionalei; baita irakasleei, ikasleei eta komunitate-prozesuak sustatu nahi dituzten herritar guztiei ere. 

Matrikula eta izen-ematea 
Matrikula doakoa da, eta ikastaroa hasi arte, irailaren 2ra arte, zabalik egongo da. Interesa duten pertsonek dagoeneko kontsulta dezakete programa osoa eta izena eman EHUren Uda Ikastaroen (UIK) webgunearen bidez. 

Ikastaroa BATUZ Gizarte Fundazioak antolatu du, Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziaren laguntzarekin, EHUren Uda Ikastaroen esparruan.