BATUZ Gizarte Fundazioak bigarren eskuz jantziko du berriro Maritxu Kajoi
BATUZ Gizarte Fundazioak eta Arrasateko Udalak bigarren urtez jarri dute martxan festa eta ekonomia zirkularra uztartzen dituen ekimena. Maritxu Kajoiri eskainitako bigarren eskuko txoko berezia irailaren 30era arte egongo da zabalik.
Urriaren 2an ospatuko den Maritxu Kajoi jaiaren harira, BATUZ Gizarte Fundazioak bigarren eskuko modaren aldeko apustua egingo du berriro. Irailaren 30era arte, Arrasateko BATUZ Gizarte Fundazioaren dendak, Bidekurtseta kaleko 2. zenbakian, txoko berezia izango du, jai eguneko jantzia modu sortzaile eta jasangarriagoan osatzeko.
Arrasateko Udalarekin batera antolatutako ekimenak ekonomia zirkularra jai giroetara ere gerturatu nahi du. Izan ere, ospakizun eta egun berezietarako erosten diren jantzi askok oso erabilera mugatua izaten dute. Erabili eta botatzeko ereduaren aurrean, oraindik bizitza luzea duten jantziak berrerabiltzearen aldeko hautua proposatzen du ekimenak.
Txokoan jantzi osoak, arropa, oinetakoak eta bigarren eskuko era guztietako osagarriak aurkitu ahal izango dira, Maritxu Kajoirako bereziki aukeratuak. Horrela, norberaren estilora egokitutako proposamenak sortzeko aukera eskaini nahi da.
Estilismo tailerra Maialen Urangarekin
Ekimenaren barruan, irailaren 18an, Maialen Uranga irudi-aholkulariak estilismo tailerra eskainiko du BATUZ Gizarte Fundazioaren Arrasateko dendan, 17:00etatik 19:30era.
Saioan, parte-hartzaileek bigarren eskuko jantziekin konbinazio berriak probatu eta norberaren estilora egokitutako aukerak ezagutu ahal izango dituzte. Helburua bigarren eskuko arropak eskaintzen dituen aukerak erakustea da, sormena eta estilo pertsonala uztartuz.
2025eko esperientziari jarraipena
Proposamenak iaz Maritxu Kajoiren harira garatutako esperientziari jarraipena ematen dio. Lehen edizioak harrera oso ona izan zuen: 500 pertsona inguru igaro ziren txokotik eta bigarren eskuko 300 jantzi eta osagarri baino gehiago saldu ziren.
Emaitza horiek ikusita, BATUZ Gizarte Fundazioak eta Arrasateko Udalak esperientzia errepikatzea eta aurten txokoa zabalik egongo den epea luzatzea erabaki dute. Hala, irailaren 30era arte egongo da erabilgarri.
BATUZ Gizarte Fundazioak antzeko ekimenak garatu ditu beste herri-ospakizun batzuetan ere. 2025eko otsailean, Medialab Tabakalerarekin eta Impact Hub Donostiarekin batera, Mozorrotruk bigarren eskuko merkatua antolatu zuen Donostiako Inauterien harira. Bi astez, merkatuak eta pertsonalizazio-tailerrek 2.500 pertsona baino gehiago bildu zituzten, eta 600 jantzi baino gehiagori bigarren bizitza bat ematea ahalbidetu zuten.
Bigarren eskua, ekonomia zirkularra eta inklusioa
Edizio berri honekin, BATUZ Gizarte Fundazioak eta Arrasateko Udalak berrerabilpena eta kontsumo arduratsua eguneroko eta jai giroko espazioetara gerturatzen jarraitu nahi dute, Maritxu Kajoi bigarren eskuko modaren aldeko apustua eginez ere goza daitekeela erakutsiz.
Berrerabiltzen den jantzi bakoitzak bere bizitza erabilgarria luzatzea, baliabideak hobeto aprobetxatzea eta hondakinen sorrera murriztea ahalbidetzen du. Aldi berean, BATUZ Gizarte Fundazioak berrerabilpenaren inguruan garatzen duen jarduerak gizarteratzeko enpresen bidez inklusiorako eta laneratzeko aukerak sortzen laguntzen du.
Horrela, ekonomia zirkularrak baliabideen berreskurapena eta berrerabilpena inklusiorako eta enplegurako aukeren sorrerarekin uztartzeko aukera eskaintzen du.
