BATUZ Gizarte Fundazioa berriro ere Gipuzkoako hondartzetan izango da jasangarritasuna eta berrerabilpena sustatzeko
BATUZ Gizarte Fundazioak beste urte batez parte hartuko du Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak sustatutako hondartza-kanpainan. Helburua da herritarren artean ohitura arduratsuak sustatzea eta jasangarritasuna modu parte-hartzaile eta hezitzailean lantzea.
«Udara honetan murgil zaitez olatuen erritmoan» lelopean, kanpainak Gipuzkoako kostaldeko hainbat udalerri bisitatuko ditu uda osoan zehar, ingurumen-sentsibilizazioa, berrerabilpena eta herritarren parte-hartzea uztartuz.
Aurtengo programaren ardatzetako bat Gauzateka izango da, hondartzako material berrerabiliak mailegatzeko doako zerbitzua. Horrez gain, hondakinak murrizteko eta behar bezala kudeatzeko, kontsumo arduratsua sustatzeko, ekonomia zirkularra bultzatzeko eta mikroplastikoek itsas ekosistemetan duten eraginari buruz hausnartzeko tailerrak eta jarduerak eskainiko dira.
Kanpainaren beste osagai garrantzitsu bat Mapa Bizia izango da, kostaldearen zaintzarekin eta jasangarritasunarekin konprometituta dauden herritarren ekimenak, elkarteak, kolektiboak, saltokiak eta ekipamenduak identifikatu eta ikusarazteko tresna parte-hartzailea.
Gainera, aurtengo berrikuntza nagusietako bat Trakamatrakarekin elkarlanean garatutako proposamena izango da: material berreskuratuekin musika-tresnak sortzeko esperientzia parte-hartzaile eta sortzailea. Jarduera horren bidez, hondakinak baliabide erabilgarri eta adierazpen artistiko bihur daitezkeela erakutsiko da.
Ekimen honen bidez, BATUZ Gizarte Fundazioak jasangarritasunarekiko, ingurumen-hezkuntzarekiko eta komunitate arduratsuago eta konprometituagoak eraikitzeko helburuarekiko duen konpromisoa berretsi nahi du.
Kanpainaren egutegia
Jarduerak kostaldeko zortzi udalerritan egingo dira:
- Mutriku: ekainaren 24tik 28ra
- Deba: uztailaren 1etik 5era
- Zumaia: uztailaren 8tik 12ra
- Getaria: uztailaren 15etik 19ra
- Zarautz: uztailaren 22tik 26ra
- Orio: uztailaren 29tik abuztuaren 2ra
- Donostia: abuztuaren 5etik 9ra
- Hondarribia: abuztuaren 12tik 16ra
Herritarrek doan parte hartu ahal izango dute hondartzetan eta inguruko guneetan egingo diren ingurumen-sentsibilizazioko, berrerabilpeneko eta ekonomia zirkularreko jardueretan.
