talleres

BATUZ Gizarte Fundazioak aurrera egiten du bere merkataritza-planean, dendetan berrerabilera, konponketa eta parte-hartze komunitarioa sustatuz

BATUZ Gizarte Fundazioak aurrera egiten du bigarren eskuko dendetarako merkataritza-planaren bigarren fasean, 2025ean hasitako lanari jarraipena emanez. Etapa berri honek denden eginkizuna indartzen du, berrerabileraren eta kontsumo jasangarriaren inguruko topagune gisa, herri bakoitzeko pertsona eta erakundeekin batera.

Proiektuak ekonomia zirkularrari buruzko tailerrak, konponketarako gune eta zerbitzu berriak, Denden Klubaren garapena eta bezeroekiko komunikazioa hobetzeko ekintzak biltzen ditu. Jarduera horien bidez, parte-hartzea erraztu, publiko berriak erakarri eta tokiko merkataritzaren eta komunitatearen arteko lotura sendotu nahi da.

Tailer-programa: ikasi, sortu eta parte hartzeko gonbidapena

Bigarren faseak 17 tailer aurreikusten ditu 2026ko maiatzetik 2027ko urtarrilera bitartean, Arrasateko, Donostiako, Errenteriako, Hernaniko eta Irungo dendetan. Programazioak moda eta ehunen eraldaketa, etxeko objektuen berrerabilera eta altzarien zaharberritzea lantzeko proposamenak biltzen ditu, baita haur eta familientzako jarduerak ere.

Esperientzia horien bidez, parte-hartzaileek arropak eta objektuak zaindu, konpondu eta eraldatzeko teknika errazak ikasi, bigarren eskuko produktuek eskaintzen dituzten aukerak ezagutu eta ezagutzak partekatu ahal izango dituzte. Jarduera batzuk tokiko ospakizunei eta egutegiko une bereziei lotuta daude, denden eta haien ingurunearen arteko harremana indartzeko.

Programak, gainera, berrerabileraren dimentsio soziala eta BATUZek sustatzen dituen gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak herritarrei ezagutarazteko aukera ematen du. Ibilbide horiek lan-aukerak sortzen dituzte, besteak beste, logistikan, materialen tratamenduan eta merkataritza-jardueran.

Tailer-programa

2026

  • Kolorimetria-tailerra | Donostia (06/15 Eginda)
  • Kolorimetria-tailerra | Errenteria (06/22 Eginda)
  • Kolorimetria-tailerra | Hernani (06/29 Eginda)
  • Kolorimetria-tailerra | Irun (06/14 Eginda)
  • Retro Look | Donostia (06/15 Eginda)
  • Arropa azkar eraldatzeko tailerra | Errenteria (06/13 Eginda)
  • Maritxu Kajoi berezia | Arrasate (09/18 Eginda)
  • Arropa sormenez eraldatzeko zikloa | Hernani (09/25 Eginda)
  • Baxera eta beirateria lantzeko sormen-tailerra | Errenteria (23/10)
  • Upcycling-tailerra - boltsa jasangarria | Errenteria (30/10)
  • Dekorazio jasangarriko tailerra | Hernani (urria)
  • Gabonetako apaingarriak egiteko haur-tailerra | Errenteria (azaroa)

2027

  • Oinarrizko joskintza, konponketa txikiak egiteko | Errenteria eta Hernani (urtarrila)
  • Mozorrotruk, inauteri jasangarriak | Donostia (otsaila)

Konponketa, lan-ildo berria Hernaniko dendan

Fase honetako berrikuntza nagusietako bat Hernaniko dendan bi joskintza-zerbitzu abian jartzea da. Batetik, josteko makinaz eta oinarrizko materialez hornitutako gune bat egokitu da, josten dakiten baina makina propiorik ez duten pertsonek konponketa txikiak beren kabuz egin ahal izan ditzaten.

Bestetik, dendak jostun profesional bat du oinarrizko konponketak egiteko, bai bertan erositako jantzietan, bai bezeroek etxetik ekarritako arropetan. Zerbitzu hori laneratzeko lanpostu baten sorrerari lotuta dago, eta arroparen bizitza erabilgarria luzatzea eta lan-aukera berriak sortzea uztartzen ditu.

Herritar guztientzako gonbidapen irekia

Bigarren fase honen bidez, BATUZ Gizarte Fundazioak pertsona gehiago bere dendetara hurbiltzea erraztu nahi du, ikasteko, sortzeko eta kontsumo arduratsuko praktikak partekatzeko.

Dendek, horrela, beren eginkizuna zabaltzen jarraitzen dute: merkataritza-jarduera, berrerabilera eta parte-hartze komunitarioa elkartzen dituzten guneak dira, eta ekonomia sozial eta zirkularraren balioak ikusarazten dituzte.

Ekimenak Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa du, eta BATUZ Gizarte Fundazioaren estrategiaren barruan kokatzen da, hau da, bere dendak topagune komunitario gisa sustatzeko estrategiaren baitan, kontsumo arduratsuaren inguruan sentsibilizatzeko, herritarrek parte hartzeko eta gizartea aktibatzeko gune gisa.