BULETINA_02

URRIA 2026

2027-2029 Plan Estrategikoa 

equipo

Urriaren 1ean, Patronatuaren eta Zuzendaritza Taldearen arteko topaketan, 2027–2029 Estrategia Plana onartu genuen. Urrats berri garrantzitsu bat, orain arte egindako ibilbideari jarraipena ematen diona. 

Elkarrekin landutako prozesua da. Patronatua, Zuzendaritza Taldea, eta prozesuan parte hartu nahi izan duten lankideak bildu gara: guztira, 130 pertsona, 7 komunitatetan egindako 8 jardunaldietan. Eskerrik asko parte hartu duzuen guztioi. 

Plan berriak sei lan-lerro jasotzen ditu datozen hiru urteetarako:
 

  1. Pertsonak, partaidetza eta zaintza 

  1. Lanaren sistematizazioa eta kalitatea 

  1. Posizionamendua 

  1. Eraldaketa komunitarioa 

  1. Ezagutzaren transferentzia 

  1. Iraunkortasun ekonomiko-finantzarioa 

Sei lan-lerro, helburu komun batekin: gure eredua sendotzea, erakundea eta aliantzak indartzea eta, batez ere, inpaktua sortzeko dugun gaitasuna handitzea. 

Aurki, 2027ko Kudeaketa Plana lantzen hasiko gara Zuzendaritza Taldean, eta ondoren koordinatzaileekin eta arduradunekin osatuko dugu. Helburua da prozesuan lantalde guztiek parte hartzea. Saio horiek baliatuko ditugu Estrategia Plana eguneroko lanera ekartzeko eta 2027ko helburuak eta ekintzak elkarrekin zehazteko. 

Guztion parte-hartzea beharrezkoa izango da. Eskerrik asko zuen ekarpenagatik eta inplikazioagatik,

 

UIK Ikastaroa: “Komunitateak Ekinean: Gizarte Inklusiorako Praktikak” 

Irailaren 2an eta 3an, “Komunitateak Ekinean: Gizarte Inklusiorako Praktikak” udako ikastaroa antolatu genuen Donostian. Topaketaren abiapuntua egungo gizarte-erronkei ikuspegi komunitariotik erantzuteko beharra izan zen: eragile bakoitzak bere esparrutik jardutea ez da nahikoa; komunitatea eraikitzeko, harremanak, lankidetza eta erantzun kolektiboak indartu behar ditugu. 

Bi egunetan zehar, hirugarren sektoreko, administrazio publikoko, unibertsitateko eta gizarte- zein komunitate-eragileetako pertsonek esperientziak eta ikuspegiak partekatu zituzten. Hitzaldiak, elkarrizketa-mahaiak eta dinamika parte-hartzaileak uztartuz, inklusioa, aniztasuna eta jasangarritasuna ikuspegi komunitariotik lantzeko erronkak eta aukerak aztertu genituen. 

Ikastaroak hainbat ikaskuntza utzi dizkigu. Besteak beste, komunitate lana ez dela jarduera edo proiektu isolatu bat, baizik eta egiteko modu bat; lurraldean dauden gaitasun eta jakintzak aitortu eta aktibatu behar direla; eta benetako lankidetzak denbora, konfiantza eta harreman horizontalak eskatzen dituela. Era berean, agerian geratu zen administrazioaren, gizarte-erakundeen, unibertsitatearen eta herritarren arteko elkarlana ezinbestekoa dela erantzun iraunkorragoak eraikitzeko. 

Ikastaroaz harago, BATUZ Gizarte Fundazioan eraldaketa komunitarioa bultzatzen ari gara, askotariko eragileekin elkarlanean. 2025 urtean, 25 proiektu garatu genituen beste erakunde batzuekin lankidetzan, eta 54 aliantza aktibo izan genituen, hezkuntzan, kulturan, komunitatearen parte-hartzean, ingurumenean, kontsumo kontzientean eta kirolean. Unibertsitatearekiko lankidetzak ere toki nabarmena izan zuen: unibertsitatearen eta gizartearen arteko lau lankidetza-ekosistema eta EHUrekin batera egindako hiru argitalpen izan genituen urte hartan. Elkarlan horri esker, ezagutzak, esperientziak eta gaitasunak uztartzen ditugu, lurraldeko erronkei erantzuteko. 

Ikastaroa Eusko Jaurlaritzako eLankidetzaren eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailaren babesarekin gauzatu zen. 

“Batuz Gizarte Fundazioak 45 urte” kanpaina SSZZetan  

Aurki, BATUZ Gizarte Fundazioaren lana eta gizarteari egiten diogun ekarpena ezagutarazteko kanpaina abiatuko dugu sare sozialetan. 

Inklusiorako prozesuetan laguntzen ditugun pertsonek beren esperientziak partekatuko dituzte, baita gurekin elkarlanean aritzen diren erakundeetako ordezkariek ere. 

Askotariko ahots eta begiraden bidez, eguneroko lanaren balioa eta lankidetzaren ekarpena erakutsi nahi ditugu. Eta horrekin batera ideia bat zabaldu ere: inklusioa esparru askotatik eraikitzen da, eta denok dugu zer ekarria. 

Buletin honetan, Iñaki Arregiren testigantza dakarkizuegu. Kale egoeran egon ondoren, SEFAC zerbitzuaren bidez izan zuen lehen harremana Fundazioarekin. Gaur egun, Zarauzko eguneko zentroko taldea du bidelagun. Une zailak bizi izan dituen arren, bere bidean aurrera egiten jarraitzen du, eta esker onez hitz egiten du ondoan duen BATUZ Gizarte Fundazioko taldeaz. 

Isabel Arnaiz: urtebeteko esperientzia gurekin 

BATUZ Gizarte Fundazioan, laneratzeko enpresen bidez, enplegua lortzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzen diegu beren ibilbidean. Horretarako, prestakuntza, lan-esperientzia eta banakako bidelaguntza uztartzen ditugu, pertsona bakoitzaren beharretatik eta gaitasunetatik abiatuta. 

Batzuetan, gaitasun berriak garatzea da gakoa; besteetan, lehendik dituztenak beste lanpostu batzuetara egokitzea. Helburua da lan-aukera berriak zabaltzea, ekonomia zirkularrari lotutako jardueren bidez. Horrela, pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzearekin batera, ingurumena zaintzen ere laguntzen dugu. 

2025ean, 65 laneratze-lanpostu sortu genituen. Zenbaki horien atzean pertsonak eta haien ibilbideak daude, Isabelena kasu. 

Isabel Arnaizek urtebete darama Errenteriako ehunak tratatzeko gure plantan lanean. Bere testigantzaren bidez, urte honetan bizitakoa eta ibilbide honetan jasotako bidelaguntza ezagutuko ditugu. 

Julen Serrano: autogintzatik tapizeriara, bere bokazioaren bila 

BATUZ Gizarte Fundazioan, enplegurako prestakuntzaren bidez pertsonei beren lanbide-proiektua garatzen laguntzen diegu. Lanbidek egiaztatutako hiru zentro ditugu Arrasaten, Donostian eta Irunen. Bertan, gaitasun teknikoak, pertsonalak eta digitalak lantzen ditugu. Zenbait ikastarotan, gainera, parte-hartzaileek 90 ordu inguruko praktikak egiteko aukera dute enpresetan, ikasitakoa lanean aplikatzeko. 2025ean, 411 pertsona prestatu genituen enplegurako. 

Julen Errenteriako gazte bat da, eta karrozeriako ikasketak egin zituen. Autogintzan egin zituen lehen lan-praktiketan, ordea, bere benetako interesa aurkitu zuen: motorrak baino, tapizeria zuen gustuko.  

Orain, 80 orduko joskintza-ikastaroa egiten ari da Donostiako Arriola prestakuntza-zentroan, lanbide berri horri ekiteko oinarriak lantzen. Bere testigantzan, egindako bidea eta aurrera begirako asmoak partekatu ditu.