UZTAILA 2026
ERALDAKETAN AURRERA GOAZ
Barne komunikazioa hobetze aldera, informazio boletin orokorra abian jartzen dugu. Hiru hilean behin argitaratzeko asmoa dugu, eta bertan Fundazioaren prozesu nagusien inguruko informazioa batzen joango gara, elkarren arteko ezagutza sustatze aldera. Jasotako erantzunaren baitan, edukiak moldatzen ere joango gara.
2024-2026 Plan Estrategikoaren garapenarekin aurrera egiten ari gara, eta azken hilabeteetako aurrerapenek erakusten dute elkarrekin eraikitzen ari garen bidea sendotzen ari dela.
Xede bakarrarekin lan egiteko gobernantza ereduaren garapenean ardura organoak sendotzen goaz (Patronatua, Zuzendaritza taldea, Koordinatzaile batzordeak) eta pertsona ororen partaidetza bermatzeko espazioak egituratzen (kudeaketa plana eta honen jarraipena, taldekako bilerak, zeharkako taldeak, ...).
Bide honetan, gure posizionamendua hobetzeko erronkari dagokionez, pausu garrantzitsu bat eman dugu maiatzean marka berriarekin; gizartean islada izan duen mugarria. Honek aukera eman digu Fundazioaren lana eta xede berria balioan jartzeko.
Baditugu oraindik hainbat erronka 2026 urte honetan eta balorazioa egiteko eta elkarrekin indarra hartzeko! - Uztailaren 17an Zuzendaritza talde eta koordinatzaileen topaketa egingo dugu. Oraindik ere lortzeko ditugunak birbideratzeko irakurketa amankomuna egingo dugu, indarrak batuz, zailtasunak ditugun arloetan aurrera egiteko.
Uztaila eta abuztua artean ere pertsona bakoitzarekin eginiko bi norantzako elkarrizketen jarraipena egitea proposatu dugu, pertsona orok tartea izan dezagun gelditu eta gure balorazioa egiteko; norberaz eta baita arduradunaz ere.
Eta jada jarri gara, elkarrekin 2027-2029 eperako gure nahi eta beharrak jasotzeko prozesuarekin; Patronatuak eta Zuzendaritzak osatutako proposamena alderatzeko, komunitateetan topaketak egin ditugu. Bertan, 130 pertsonek parte hartu duzue, eta jasotako ekarpenak biltzen dituen dokumentua irailean onartuko da. Hortik aurrera, prozesu/ zerbitzu / ibilbide/ zentro bakoitzaren kudeaketa planak osatzeko prozesua abiatuko dugu. Prozesu horretan denak aktiboki parte hartzea espero dugu, guztion beharrak egoki jasotzeko.
Eskerrik asko elkarrekin egiten ari garen bide honetan bat egiteagatik! Bagoaz aurrera.
HONDARTZEN KANPAINA ABIATU DUGU
Beste uda batez, hondartzen kanpaina jarri dugu martxan «Murgil zaitez olatuen erritmoan» lelopean.
Kanpaina ekainaren 24tik abuztuaren 16ra egingo da Gipuzkoako kostaldeko zortzi udalerritan (Mutriku, Deba, Zumaia, Getaria, Zarautz, Orio, Donostia eta Hondarribia). Egitarauaren barruan, haurrentzako tailerrak, hondartzarako material berrerabilien doako mailegu-zerbitzua eta material berreskuratuekin egindako musika-tresnekin familientzako ikuskizunak eskainiko dira igandero.
Urtez urte sendotu den ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eta zortzi udalerrien elkarlanari esker egiten dugu. Horrez gain, Gurutze Gorria, Garbera merkataritza-gunea eta Trakamatraka bezalako eragileek ere parte hartzen dute, administrazioaren, gizartearen, kulturaren eta enpresaren arteko lankidetza indartuz.
Ekimenaren bitartez eragin bikoitza lortzen dugu: alde batetik, hondartzen zaintza eta ingurumenaren babesa sustatzen ditugu; bestetik, jarduera ireki, irisgarri eta parte-hartzaileen bidez, pertsona guztiek hondartzaz baldintza berdinetan gozatzeko aukera izan dezaten bultzatzen dugu, inor atzean utzi gabe.
BATUZ GIZARTE FUNDAZIOA BURUNTZALDEKO ETA PASAIAKO GIZARTERATZE-EKOSISTEMAK INDARTZEN ARI DA
Buruntzaldean eta Pasaian bultzatutako diagnostiko komunitario kolaboratiboen prozesuetan metatutako esperientziatik abiatuta, BATUZ Gizarte Fundazioak gogoeta-prozesua laguntzen jarraituko du. Horren bidez, gizarteratzeko tokiko ekosistemen esparruan zerbitzuen, baliabideen eta komunitateko eragileen arteko koordinazioa nola hobetu aztertuko da, gizarte-bazterketa edo arrisku egoerei erantzun koordinatuagoak eta integratuagoak eskaintzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta udalerriekin elkarlanean garatuko den lanak lankidetza-gobernantzako espazioak diseinatu eta dinamizatzea izango du ardatz. Horrez gain, erabaki partekatuak hartzea erraztuko duten mekanismoak identifikatuko dira, eta laguntza-premia eta intentsitate desberdinetara egokitutako laguntza-ibilbideak aztertuko dira.
Era berean, komunitatean dauden gaitasunak aitortu eta aktibatzea sustatuko da, erakundeen, entitateen, komunitate-antolakundeen eta herritarren arteko loturak sendotzeko.
Helburua da pertsonen bizi-kalitatean oinarritutako arreta-eredu koordinatuago eta pertsonalizatuagoak sustatzea.
EUSLE-EKIN: HELDUEN BIZITZARAKO TRANTSIZIOAN LAGUNTZEKO PROGRAMA BERRIA
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes-sisteman dauden gazte batzuek, 18 urte betetzean eta sistematik irtetean, zailtasunak izaten dituzte gizarte-inklusiorako laguntza- eta etxebizitza-baliabideetara iristeko. Egoera hori, neurri handi batean, presio asistentzialaren eta itxaron-zerrenden ondorio da.
Horri erantzuteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak EUSLE-EKIN programa jarri du martxan, SEFAC (Eskualdeko Foru Laguntza Zerbitzua) kudeatzen duten erakundeen lankidetzarekin, tartean BATUZ Gizarte Fundazioa. Programaren helburua da gazte horien emantzipazio-prozesuan trantsizio egokia bermatzea, babes-sistematik irteten direnetik orientatu zaien inklusio-baliabidean sartzen diren arte. Horretarako, hilean 633,27 euroko diru-laguntza eskaintzen du, baita itxaronaldian oinarrizko laguntza eta jarraipena ere.
Programa garatzeko, SEFAC zerbitzua lau profesional gehiagorekin indartu da; horietatik bi BATUZ Gizarte Fundazioaren lantaldera batu dira. Indartze horri esker, gazteei autonomia-prozesuaren une erabakigarri batean laguntza hurbila eta jarraitua eskaintzen jarraituko dugu.
OARSOALDEAN EGUNEKO ARRETAKO ZENTRO BERRIA
Pasaia, Lezo eta Oiartzungo udalen arteko lankidetzari esker, bazterkeria-egoeran edo bazterkeria-arriskuan dauden pertsonei zuzendutako eguneko arreta-zentro berria irekiko da Oarsoaldean. Datozen asteetan BATUZ Gizarte Fundazioarekin lankidetza-hitzarmena sinatuko da, eta zentroak 2026ko azken hiruhilekoan ateak irekitzea aurreikusten da.
BATUZ Gizarte Fundazioak izango du zentro berriaren kudeaketaren ardura. Horrek aukera emango digu Oarsoaldean dagoeneko garatzen ditugun zerbitzuak indartzeko, eskualdeko eragileekin lankidetza sendotzeko eta komunitatean oinarritutako laguntza- eta inklusio-prozesuak zabaltzen jarraitzeko.
Zerbitzu berri honi erantzuteko, dagoeneko hasi gara lantaldea osatzeko eta proiektua martxan jartzeko beharrezko prestaketa-lanetan.
GIZARTE- ETA LANERATZE-IBILBIDEEN BITARTEZ AUKERA BERRIAK SORTZEN JARRAITZEN DUGU
2026ko lehen seihilekoan, 11 pertsonak amaitu dute BATUZ Gizarte Fundazioan egin duten laneratze- eta gizarteratze-ibilbidea, eta horietatik 4k lana lortu dute: 3k lan-merkatu arrunteko enpresetan, eta batek BATUZ Gizarte Fundazioaren laneratze-enpresetako batean.
Emaitza horiek BATUZ Gizarte Fundazioak bultzatzen dituen gizarte- eta laneratze-ibilbideen fruitu dira. Horien bidez, enplegurako prestakuntza eta benetako ekoizpen-jarduera uztartzen dira, gizarteratze-prozesuetan dauden pertsonen lan-merkaturatzea errazteko. 1 eta 3 urte bitarteko iraupena dute, eta, aldi berean, ingurumenaren zaintzan laguntzen dute ehun-hondakinak, tamaina handiko hondakinak eta GEEHak (Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinak) bildu, tratatu, berreskuratu eta berrerabiliz.
