POCTEFA

BATUZ Gizarte Fundazioak RING Europako proiektuaren lehen jarraipen-bilera hartu du Gipuzkoan

POCTEFA programak finantzatutako RING proiektuaren helburua da Euskadin eta Akitanian altzari profesionalen berrerabilpena sustatzeko mugaz gaindiko ekosistema bat sortzea, gizarte-erakundeen, administrazio publikoen eta eragile ekonomikoen arteko lankidetza bultzatuz. Ekimen honen bidez, proiektuko bazkideek altzarien berrerabilera sustatzeko, hondakinak murrizteko eta ingurumen zein gizarte ikuspegitik iraunkorragoak diren eredu zirkularrak garatzeko lan egiten dute.

RING partzuergoan berrerabilpenaren, ekonomia zirkularraren, berrikuntzaren eta enpresa-garapenaren arloko hainbat erakundek parte hartzen dute: AIMA, proiektuaren koordinatzailea; Valdelia; Ressourceries et Recycleries sare frantsesa; BATUZ Gizarte Fundazioa; HABIC, ekipamenduaren, diseinuaren eta habitataren euskal klusterra; eta MIK, Mondragon Unibertsitateko enpresa-kudeaketako ikerketa-zentroa. Guztien artean, altzari profesionalen berrerabilpena sustatzeko irtenbide berriak garatu nahi dituzte, eta mugaz gaindiko lurraldea ekonomia zirkularraren erreferente bihurtu.

Testuinguru horretan, joan den ekainaren 10ean BATUZ Gizarte Fundazioak RING proiektuaren lehen jarraipen-bileraren anfitrioi lana egin zuen Donostian. Jardunaldiak Euskaditik eta Akitaniatik etorritako erakunde bazkide eta erakunde laguntzaileen ordezkariak bildu zituen, proiektuaren lehen sei hilabeteetan egindako aurrerapenak partekatzeko aukera eman zuen topaketa batean.

RING proiektua 2026ko urtarrilean abiatu zen, eta hiru urteko iraupena izango du. Lehen jarraipen-bilera hau Naturklimaren egoitzan egin zen. Horretarako espazioa Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak utzi zuen, eta BATUZ Gizarte Fundazioak eskerrak eman nahi dizkio erakundeari emandako laguntza eta lankidetzagatik.

"Berreabilpena ezin da jada hondakinen kudeaketarako estrategia huts gisa ulertu. Gizarte-eraldaketarako eta komunitatea eraikitzeko tresna ere bada. RING bezalako proiektuek ezagutza partekatzeko, beste esperientzia batzuetatik ikasteko eta aliantzak sortzeko aukera ematen digute, altzari profesionalen berrerabilpenak benetako eragina izan dezan bai ingurumenaren alorrean, bai gizartearen alorrean", adierazi du Ane Salaberriak, BATUZ Gizarte Fundazioko Jasangarritasun zuzendari eta RING proiektuaren arduradunak.

Jardunaldia osatzeko, parte-hartzaileek Urnietako altzari eta gailu elektriko zein elektronikoen tratamendu-zentroa bisitatu zuten, materialak berrerabiltzeko prestatzeko eta balorizatzeko prozesuak bertatik bertara ezagutuz. Ondoren, Hernaniko bigarren eskuko denda bisitatu zuten; ekonomia zirkularra berrerabilpenerako, gizarteratzerako eta enplegua sortzeko aukera bihurtzen den guneetako bat.

Proiektuaren albistea

Proiektuaren webgunea

Erakunde laguntzaile eta finantzatzaileak:
 

LOGOS